Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzian
Lucie Adelsberger mediku aleman judu bat izan zen. Alemania nazian bizi izan zen, eta Holokaustoaren biktima izan zen. Urte batzuk eman zituen Auschwitz eta Ravesnbrückeko kontzentrazio-esparruetan. Auschwitzeko erizaindegian jarri zuten lanean, baina geroago adieraziko zuenez, ez zuen ezertarako balio izan. Aske utzi ondoren, memoria batzuk idatzi zituen, eta Holokaustoaren memoria gordetzen lagundu zuen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Paleontologia
Dinosauro haragijale espezie berri bat aurkitu dute Errioxan. Riojavenatrix lacustris izena jarri diote, eta duela 120 milioi urte bizi izan zen Iberiar penintsulan. Erik Isasmendi UPV/EHUko Geologia Saileko doktoratu aurreko ikertzailearen doktorego-tesiaren parte izan da ikerketa. Espinosaurido bat zela ondorioztatu dute, 7-8 metro luzeeran, eta arrainez elikatzen zen batez ere. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Hizkuntzalaritza
Egoera sozioekonomikoak eragina izan dezake haurren hizkuntza-gaitasunetan. Egoera sozioekonomiko altuen kasuan, amen hizketaldia haurrarekin luzeagoa eta ugariagoa izan ohi da egoera sozioekonomiko baxuko amen hizketaldiarekin alderatuta. Ikasketarako eskuragarri dauden baliabideak ere desberdinak izan ohi dira, eta horrek guztiak eragina du gerora umeek ekoitzitako hitzen kantitate, kalitate, jariotasun eta aberastasun linguistikoan. Datuak Zientzia Kaieran.
Ingurumena
Frogatu dute artobeltza egokia dela garia ordezkatzeko lehorte-egoeretan. Klima-aldaketa dela eta, etorkizunean, laboreek lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan beharko dituzte, eta baita CO2 maila eta tenperatura altuagoak ere. Baldintza horietan, ikusi da artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Osasuna
Akainak ugaritu diren pertzepzioa dute adituek, datu zientifikorik egon ez arren. Aitor Cevidanes Neikerreko Animalia Osasun departamentuko ikertzaileak azaldu du animalia basatien edo abereen zabaltzeak eragina izan dezakeela ugaritze horretan. Akainen ugaritzearekin batera Lyme gaitzaren intzidentzia-tasak gora egin du baita ere, hanturazko afekzio kroniko eta multisistemiko bat, akai batzuen bidez transmititzen dena. Datuak Berrian.
Geologia
Suaren Harana Mojave basamortuan dago, Nevadan (AEB). Film askotan erabili izan da paisaia hori, haren geologia ikusgarriagatik. Suaren Haraneko harri gehienak hareharri azteka (Aztec Sandstone, ingelesez) izeneko formazio geologiko baten parte dira, duela milioika urte sortu ziren harezko dunez sortuak. Kolorea, bestalde, burdin oxidozko mineralek ematen die. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Bioteknologia
Edizio genetikoko teknika berri bat garatu du AEBko eta Japoniako ikertzaile talde batek. RNA-zubiak izena jarri diote, eta aukera ematen du DNA-sekuentzia luzeak txertatzeko, alderantzikatzeko edo ezabatzeko. Bakterioen genoman egin dituzte probak, eta oraindik ez da frogatu giza zeluletan. Hala ere, gaur egungo metodoak baino eraginkorragoa eta zehatzagoa dela ikusi da. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Argitalpenak
Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak Berta Páramoren liburu ilustratuan usaimenaren funtzionamendua azaltzen da zientziaren eta umorearen bidez. Egunean 23.000 bat aldiz arnasten dugu, eta egiten dugun bakoitzean, nahi edo ez, usaina hartzen dugu. Horrek gure inguruari buruzko informazio ugari ematen digu. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #493 appeared first on Zientzia Kaiera.